VETree proiektua

 

Proiektuaren aurrekariak

Zuhaitz zaharrek, zuloz eta egur eihartuz beterik haien bizitza naturalaren bukaerara iristen direnean, balio ekologiko eta historiko handia dute eta horregatik kudeaketa berezia eskatzen dute. Zuhaitz zaharren balio ekologikoa Natura 2000 Sareko hainbat habitatetan hartzen duten berezko garrantzian isladatzen da, eta baita ere aipatu sareko babestutako hainbat espezieren bizilekua direlako. Mendeak behar direnez zuhaitz zaharrak ordezkatzeko, funtsezkoa da orain ditugunak era egokian kudeatzea haien bizitza luzatuz, gutxienez zuhaitzen belaunaldi berri batek bi belaunaldien arteko jauzia bete arte.

Azken mendeotan ekonomian, nekazaritzan eta basogintzan gertatu den etengabeko garapenak aldaketa drastikoa ekarri du lurraren erabileran. Nekazaritza eremuan, miloika zuhaitz lepatu abandonatu dira, mendeetan horrela aktiboki kudeatu eta gero, bai egurketarako eta baita hosto-bazkarako ere. Orain lepatzen ez diren zuhaitz horiek, bigarren mailako basoetan murgildurik geratzen dira edo kendu egiten dira nekazaritza-efizientziaren izenean. Prozesu hau oraindik ematen da (maiz Europako Batasunaren nekazaritzako dirulaguntzekin) Europako hainbat herrialdetan (esate baterako, Espainian eta Errumanian, proiektuan parte hartzen duten bi herrialde aipatzeagatik). Hiriguneetan zuhaitz zaharrak kaltetu edo botatzen dira segurtasunaren aitzakiarekin. Prozesu horiek guztiek zuhaitz zaharren ekosistemen galera lazgarria eragin dute Europa osoan eta, ondorioz, baita haien kudeaketarako trebetasunen eta ezagutzaren galera ere.

Zuhaitz zaharren kudeatzaileek erronka berriei aurre egin behar die: zuhaitz lepatuek ez dute aurrekari historikorik (beti kudeatuak izan ziren gutxi gorabehera erregularrak ziren zikloetan) eta egun zuhaitzak segurtasun ikuspegi estu batetik begiratu behar direnez, zuhaitz zaharrak inausteko beharra eragiten da, adarrak era natural batean galtzen utzi beharrean. Azken urteotan, Ancient Tree Forum erakundeak lan handia burutu du ezagutza biltzen eta zuhaitz zaharren kudeaketan esperimentatzen, horren ondorioz kudeaketarako teknika berriak garatu eta probatu egin dira. Proiektu honen helburua da beste herrialde batzuetan ikaste prozesua erraztea, aurretik egindako hutsak ebitatuz eta zuhaitz zahar ale berezi bat ere galdu gabe. Zuhaitzen kudeatzaileek, jabeek, ekologoek... denek adierazi dute, ATFek antolatutako bisitetan, zuhaitz zaharren kudeaketan formatzeko duten beharra, bai Erresuma Batuan eta baita Europako beste herrialdeetan. Proiektuko gainerako bazkideek ere sumatu dituzte antzeko beharrak haiek garatutako formazio ekintzetan edo arbolazaintzan emandako aholkularitzan. Isolatutako behar hauek ekimen txikiak sorrarazi dituzte Europan, baina garbi dago kudeatzeko teknika aurreratuak eta berritzaileak bildu egin behar direla, prest erabiltzeko egonen diren formakuntzarako materialak ere sortu egin behar direla, eta  Europan formakuntza ikastaroak antolatu egin behar direla.

 

Proiektuaren helburu orokorra.

Proiektu honen helburu orokorra da zuhaitz zaharren kudeaketari buruzko ezagutza zabaltzea, ahalik eta modu eraginkorrean. Bidea aurkitu behar da kudeaketarako teknika berriak irits daitezen zuhaitz zaharren kudeaketan interesaturik dauden eragile guztiengana: jabeak, nekazariak, basozainak, ekologoak, aholkulariak, arbolazainak eta zuhaitz-kudeatzaileak (pribatuak zein publikoak). Zeharreko eta bigarren mailako helburua izanen lirateke hainbat gatazka politikoren inguruan sentsibilizazioa areagotzea  (adibidez, nekazaritza politika eta zuhaitz zaharren babesa kontrajartzea), horretarako legegileak kontzientziatuz (herrialde zein Europa mailan) zuhaitz zaharren balio handiarekin eta horiek mehatxatzen dituzten gertaerekin.  

 

Helburu hauek lortzeko gure hartzaile zuzenak formatzaileak dira (arbolazaintzan, ekologian, nekazaritzan...). Gure bost herrialdeetan zuhaitz zaharren kudeaketan 15 edo 20 formatzaile prestatuz gero, eta haien eskuetan ikastaroko formakuntzarako materiala utziz gero (aurkezpenak, bideoak, hainbat kasuren azterketak, eskuliburuak...), aipatu formatzaileak egun osoko formakuntza ikastaro independenteak (oinarrizko maila zuhaitz zaharren kudeaketan) antolatzeko gauza izanen dira. Egun bateko ikastaro hauek txerta daitezke aurretik prestatutako formakuntza programetan edo ikastaro independente bezala antola daitezke (adibidez, nekazaientzat edo jabeentzat). Lan egiteko metodo honek biderkatu eginen du gure esfortzua eta askoz ere jende gehiagorengana iristea ahalbidetuko du. Horrela ere ziurtatu egiten da proiektuaren emaitzek denboran iraunen dutela. Formakuntza ikastaroak hartzaileen beharrei benetan erantzuten diela bermatzeko, edukia formakuntza ikastaro pilotuetan frogatuko da “inportatzaileak” diren herrialde bazkideetan (Belgika eta Errumania).

 

Proiektuaren helburu zehatza.

Formatzaileak zuhaitz zaharren kudeaketan maila aurreratuago batean prestatuak izanen dira hiru egun iraunen duen eta heziketa-osagai bat izanen duen ikastaro batean.  Maila jasoagoa izanen denez, ikastaro honek erantzun leizaieke herrialde bazkide exportatzaileek (Erresuma Batua, Suedia eta Espainia) dituzten beharrei, nahiz eta horiek baduten berez oinarrizko maila bat zuhaitz zaharren kudeaketan.  Formatzaileek eskura izanen dute material tekniko zehatza (eskuliburuak, hainbat kasu praktikoren azterketa...) eta norberaren hizkuntzan pret erabiltzeko materiala. Webgune baten bidez lagunduko zaie. Hor izanen dituzte e-learning oinarrizko tresnak, bideoak eta espezialistekin harremanetan jartzeko tutoritza sistema bat (proiektua baino lehen eta proiektua eta gero). Webgune honek hasiera emanen dio Europako Zuhaitz Zaharren Sareari (European Veteran Tree Network) (informala izanen bada ere eta 5 herrialde bazkideetan), non zuhaitz zaharren kudeaketari buruzko ezagutzaren trukaketa bultzatuko den.

 

Proiektuak iraun duen bitartean formaziorako materialak frogatu egin dira hainbat ikastaro  piloturen bidez: 2013ko bukaeran Oinarrizko ikastaroaren saio pilotuak izan ziren, eta Ikastaro Aurreratuko saio pilotuak –hezitzaileak prestatzeko-, berriz, 2014ko udaberrian eta udan.