Zer da zuhaitz beterano bat?
Zuhaitz beterano bat zer den galdetuko bagenie 10 laguni, beharbada 10 definizio desberdin lortuko genituzke, eta horietan guztietan egiaren zati bat izanen litzateke. Zuhaitz beterano baten definizioa ez da bakarra. Jende askok zuhaitzaren adin kronologikoari begiratzen dio bereziki, baina ezinezkoa da adin muga zehatz bat ezartzea, espezietik espeziera aldaketa franko ematen direlako: 150 urteko urkia zaharra da, baina adin bereko haritza gaztea da oraindik. Adinari begira egon beharrean, hobe da zuhaitzaren ezaugarriak behatzea: hutsarteak, zuloak, usteltzen ari den zura edo itxura korapilatsua eta makurra. Zuhaitzaren aurrekari historikoak eta kulturalak beste seinale bat izan daiteke.
Aipatu berri dugun “adinaren definizioarekin” oso loturik dago “bizi-aroaren definizioa”. Jende gehiena ohitua dago zuhaitz gaztea eta zuhaitz heldua esapideetara. Baina askotan ahazten zaigu zuhaitzaren bizitza ez dela bat-batean amaitzen goieneko tamainara iristen denean. Zuhaitza poliki zahartzen da, indar pixka bat galtzen du, hainbat adar kentzen ditu eta tamaina murrizten du. Egia esatera, zahartzaroa edo heldutasunaren ondorengo aro hau, zuhaitzaren bizitzaren arorik luzeena izan daiteke, hau erabat zehaztea zaila bada ere.
Baina zuhaitz batek ez du izan behar oso zaharra zuhaitz beterano baten ezaugarriak erakusteko. Ingurumenaren eraginez edo kalte naturalen edo kudeaketa aktiboaren eraginez, zuhaitz batek zahartzaroari dagozkion ezaugarriak erakusten has daiteke askoz ere gazteagoa denean. Zuhaitz horiek ez dira zaharrak, baina beteranoak dira zalantzarik gabe. Hau da, beraz, egun zabalduena dagoen definizioa: zuhaitz beteranoa da, haren adin kronologikoa alde batera utzita, zuhaitz zaharren ezaugarri nabarmenak dituena. “Zuhaitz zaharra” esapidea urte askotako zuhaitzei dagokie zehatz-mehatz (Lonsdale, 2014).
Zuhaitz zahar baten ezaugarriak honako hauek izan daitezke: usteltzen ari den zura enborrean, adarretan edo sustraietan; onddoen gorputz fruitu-emaileak, zuloak eta adaburuaren murrizketa naturala, zeina emeki-emeki txikiagoa egiten den. Ezaugarri hauek ez dute esan nahi zuhaitza hil urren dagoenik. Izan ere, zuhaitz beterano batek bizirik eta osasuntsu eman ditzake hamarkadak eta are mendeak ere; eta hiltzen ari diren zuhaitz beteranoek oraindik hainbat hamarkadatan iraun dezakete.
Gainera, zuhaitzak interesgarriak izan daitezke haien esanahi historikoagatik, ez bakarrik haien adinagatik. Iraganeko paisaiaren kudeaketaren berri ematen digute, eta loturik egon daitezke pertsona edo gertaera zehatz batekin, edota gizakiok diseinatutako paisaia baten parte izan daitezke.
Ikas ezazu gisa honetako zuhaitz ordezkaezinak balioesten eta estimatzen haien aurrean zaudenean!